Erreportaia:

 

EUDIMA: "galoirik" gabeko udalak

 

 

Testua: Iñaki Gorostidi

 

Euskal Udal Intsumituen Mankomunitatea (EUDIMA), Espainiako Armadaren eta intsumisioaren aurkako udalerrien arteko ekimen baterakoia 1995eko azaroan sortu zen, talde antimilitaristen eskaeraz. Bere sorreratik ia bi urte pasatxo bete direnean erakunde honek etenaldi bat egin du, begi-aurrean dituen hodei beltz eta erronkei aurrera nola egin aztertzeko eta erizpide nagusiak finkatzeko. Arrasateko Monterroneko aretoa izan zen eztabaidagunea.

 

Euskal Udal Intsumituen Mankomunitateak urte bi daramatza jada bere sorrerako helburuak indar biziz eta konbikzioz betetzen, bidean agertutako arazo zein arrisku berrien presentziari muzin egin gabe tinkotasun osoz eutsiz eta aurre eginez. Hasierako aurrikuspen guztiak oro har adierazten zieten bidea ez zela xumea izango, makina bat traba eta oztopo izango zituztela bide-lagun. Espero bezala, bidean elkar topo egin dute. 1996. urteko maiatzaren 18an bildu zen lehen aldiz mankomunitatearen Batzar Nagusia Oiartzunen. Sei egun beranduago Kode Penal berria onetsi zen Madrilgo Legebiltzarrean. Kode berri honek intsumituen aurkako arauak zorroztu zituen.

Bidean agertu zaizkien buru-hausteak ez dira ez nolanahikoak, izan ere beren jarduera baldintza dezaketen "mehatxuak" bezala har baitaitezke. Batetik, Donostiako Navajas fiskalak erakunde intsumitu honen aurka ezarri duen kereila, non orain arte Espainiako Armadarekin ez kolaboratzeagatik gaitasungabetze zigorrak ezartzen bazitzaizkien, aurrera begira kartzela zigorraren ateak zabaltzen zaizkie udal intsumituei. Bestalde ere EUDIMAko hainbat kidek antimilitarismoaren inguruan zuten eta duten kontzepzioa desberdina dela agerikoa bazen ere azken aldi honetan badirudi honako eztabaida puri-purian egon daitekeela. Herri honetako beste hainbat arlotan gertatzen ei den moduan, elkarlanerako apostu gehientsuenak beti iristen dira "ez aurrera ez atzera"-ko puntu batera, normalizazio politiko ezaren eta borroka armatuaren iraunkortasuna direla medio. Eta hirugarrenik, aipatutako bi auzi horiek intsumisioa eta antimilitarismoaren borrokari ekar diezaioketen politizazioaren arriskua azpimarratu genezake, antimilitarista taldeek azpimarratzen dutenez.

EUDIMA, 1987. urtetik Hegoaldeko hainbat herrik Espainiako Armadarekin ez kolaboratzeko hartutako erabakien jarraipen bat besterik ez dela esan daiteke, jarraipen bateratua; hots, ordurarte barreiaturik zeuden indarrak biltzeko eta metatzeko ekimena hain zuzen ere. Ekimen honek talde antimilitaristak eta intsumituak aspalditik burutzen ari ziren jokabidearekin bat egitea erabaki zuen beraien eskaerari erantzunez, eta herri bakoitzean Espainiako Armadarekin legez bete-beharreko eskakizunak ez betetzea erabakitzen zuten herritarrei babesa eman eta ahal zen laguntza guztia eskeintzeko asmoarekin sortu zen duela bi urte. Hau da, intsumisioa bere egiten duten udalerriak ditugu.

Talde antimilitaristak izan ziren proposamena udal batzuei helarazi zietenak. Ondoren, hauek lekukoa hartu eta jadanik armadarekin ez kolaboratzea erabaki zuten, beste hainbat Udal Batzarrak biltzen hasi zitzaizkielarik. Honela, udalok "intsumisioaren alde aritzeagatik jazarriak, behartuak ala zigortuak izan daitezkeen herritarrak edo korporazioak politikoki, sozialki edo juridikoki babesteko bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzeko konpromezua" hartu zuten.

Hasiera batean biltzen hasi zirenak dozena erdi bat Udal Batzar besterik ez baziren ere -Antzuola, Bermeo, Oiartzun eta Zestoa-, Batzar Eratzailean 26 izan ziren eta gaur egun berrogeitik gora udalek hartzen dute parte, proportzionalki ez bada ere Hegoalde osoko herrialdeak ordezkatuz. Lurraldetasunarena zen erakunde honen helburuetako bat; bestea, pluraltasuna, hots, ideologia eta alderdi politiko desberdinetako alkatetzeak intsumisioaren eremuan biltzea eta elkarren arteko elkarlana bideratzea. Egun, Herri Batasuna, Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta PSEko -Andoain kasu- alkatetzak osatzen dute EUDIMA. "Pluraltasuna nahi beste ez da lortu baina gure helburua gero eta zabalagoa izatea" dela diosku mankomunitate honetako koordinatzailea den Joseba Villarrealek. Aniztasuna "herren" badago ere -HBren aldeko desoreka agerikoa delako-, deigarria egiten da auzi honen inguruan zenbait alderdi politikoren jarrera kontraesankorra ikusteak. Alderdi politiko bereko alkateak zein zinegotziak intsumituenak edo, aldiz, kolaboratzaileenak izan daitezkeela ikusteak harridura sortzen dio hainbati.

Eusko Alkartasunako alkateak intsumisioaren aurkako eta armadarekin ez kolaboratzeko jarrera bateratua hartu badute ere, ez dirudi gauza berdina gertatzen denik Eusko Alderdi Jeltzaleko alkateekin.

Ekimen honetan ere zerikusi handia du herri honen testuinguru sozio-politikoak, eta badirudi giro nahasiak ez duela errazten ekimen honek izan beharko lukeen adinako oiartzuna lortzea. Baina aitzakien munduan nonnahi aurki bide daitezke arrazonamenduak publikoki ezkutuan defendatzen dena ukatzeko EUDIMAko ordezkarien hitzetatik ulertzen dugunez. "Gaur egun EUDIMAn parte hartzea zalantza handi bat besterik ez da, honek bete izan beharko dituen funtzioak zeintzuk diren ez dakigunez", zioen Gipuzkoako EAJko zinegotzi batek Udal bilkura batean. Beraz, EUDIMAren funtzioen indefinizioa eta EUDELen funtzioak bikoiztea dira, besteak beste, ekimen bateratuari ezezkoa emateko mahai gainean ipintzen diren arrazonamenduak. "Egia esan -diosku Usurbilgo alkate den Jose Antonio Altunak, eta azken asteburu hontararte EUDIMAko Lehendakaria izan denak- ez da batere erraza ulertzea, esaten denaren eta egiten denaren artean alde handia bait dago. Betikoa gertatzen da hemen". "Hemen -jarraitzen du Altunak- guztien beharra dago, EUDELena eta beste hainbatena; dena aitzakia da".

Andoaingo kasua paradoxikoa badirudi ere, bere alkate sozialistak ezezkoa eman zion intsumisioaren aurkako proposamen honi, baina Udal Batzarraren gehiengoak Udal Intsumitua izendatzea erabaki zuen.

Sei dira Udal Intsumituen Mankomunitatearen helburu nagusiak, erakunde honen Estatutuetan irakur daitekeenez: intsumitu errepresaliatuen jarraipena egitea lehenengo notifikazioa egiten den unetik; behar den aholku eta asistentzia juridikoa eskeintzea, bai gazte intsumituei, bai Udal intsumituei eta beraietako hautetsi publikoei; Armadaren kolaborazio-eza aktiboa edukitzea (kintak, maniobrak...); intsumisioa eta ez militarizazioaren alde sentsibilizatzeko eta bultzatzeko ekintzak eta ekimenak sortzea; epaiketa ematen den kasutan inplikatutako Udalak bertan egotea; eta intsumisioaren aurka sortutako Ordezko Zerbitzu Soziala (PSS) herrian finkatzen ez laguntzea, elkarte kolaboratzaileekiko harremanak aztertu eta berrikusiz.

 

Aholkularitza Batzordea

 

EUDIMAk bere lehentasunak ezarri zituen maiatzaren 18ko Oiartzungo Batzarrean. Aniztasuna eta lurralde osoa ordezkatzeaz gain, erakundea bera gorpuztea izan zen helburu nagusietarikoak. Gizarte mailan eraginkortasuna sendotu nahi bazen ezinbestekoa zen ahalik eta azkarren gorputza ematea sortu berri zen erakundeari eta, bestalde, erakunde ororen beharrezko eskakizun guztiak betetzea. Eta horretan ibili da murgildurik azken urte honetan intsumituen mankomunitatea. Bere filosofia eta izpiritua gauzatzen joateko ezinbestekoa zuen gutxieneko egitura eratzea eta bide horretan ahalegin guztiak egitea. Baina erakundea egiten zihoan bezala sortu zaizkio lehenbiziko gora-beherak. Hain zuzen ere iragan asteburuan Arrasaten izandako bigarren Batzarrean aztertzeko aukera izan dute.

Mankomunitatearen ordezkariak haren ibilbidea aztertu eta gero hutsune bat nabarmentzen dute eta berau Aholkularitza Batzordean aurkitzen da. Aholkularitza Batzordea, "eguneroko dinamika indartzeko derrigorrezkoa" dela zioen Xabier Landa Oiartzungo HBko zinegotziak eta EUDIMAko sortzaileetarikoa. Mankomunitatearen "zutabe nagusitzat" hartua den Batzordea, intsumisioa onartua duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banaz eta udal hauetan dauden intsumisioaren aldeko talde antimilitaristen ordezkariez osatutzeko asmoa du Estatutuetan. Aholkularitza Batzorde honen ardura nagusia zera izanen da, hots, intsumituak izatea erabaki duten udalek horren alde lan egiteko erizpideak ematea; bertan parte hartzen duten talde eta erakundeen proposamenekin EUDIMAn parte hartzen duten Udalerri guztiei begira urteko plangintza prestatu eta Zuzendaritza Batzordean aurkeztea; eta, EUDIMAn parte hartzen duten udaletan intsumisio alorrean burutzen diren ekintza ez instituzionalen koordinazioa ziurtatzea.

Horrela, arestian aipatu bezala, elkarren arteko koordinazioa areagotzea eta harremanak sendotzeaz gain, intsumisioaren eremuan aitzindariak izan diren talde antimilitaristak ere mankomunitatean parte hartze zuzena izan dezaten bultzatu nahiko luke Aholkularitza Batzordeak. Azken finean, gizartetik sortutako ekimenak gizartean eraginkortasuna izatea nahiko luke, EUDIMAko ordezkarien ustez.

Iragan asteburuan -hilak 17- izandako bigarren Batzarrean EUDIMAk atzera eta aurrera begiratu du: orain arteko balantze positiboa egin badu ere, mahai gainean aurrera begira finkatu beharreko erizpide nagusiak aztertu ditu; besteak beste, Navajas fiskalak ezarritako kereilak izan ditzakeen ondorio juridikoen aurrean erantzun baterakoi eta irmoa prestatu, kideen kopurua handitzea, Aholkularitza Batzordea behingoz martxan jartzea eta beraz herri mugimenduekin txertatzea eta babesa zein inplikazioa bultzatzea. Jose Antonio Altuna, urtebetez Lehendakaritza bete ondoren Arrasaten lekukoa pasa egin zuen, HBkoa ez den ordezkari berri bati eramatea zegokiolarik. EUDIMAko ordezkarien esanetan garrantzi handikoa da uneotan jarrera bateratuak bideratzea eta mehatxu jakin batzuei erantzun sendoak bezain bateratuak artikulatzea.

Baina honako hau ez da erronka xamurra. Euskal Herrian alderdi politiko desberdinen arteko elkarlanak inguruaz eta uneko gertakizunaz baldintzaturik daudela esateak ez da gauza berria. Eta zenbaitekin elkarlanean aritzeak hainbati kontraesan nabarmenak sortzen diola ere ezaguna dugu. Ez dirudi batzuentzat intsumisioaren eta ez militarizazioaren inguruan ezer asko egin daitekeenik, noizbait Euskal Herriko errealitate gordinarekin nahastu gabe eta bazterrak zipriztindu barik; eta herritar zein udal batzuk Espainiako Armadarekin ez kolaboratzeko erabakiaren aurrean Euskal Herriko egoera politikoa aurrez aurre jartzeak elkarlan horri mesede urria egin diezaioke. Horregatik, Navajasen kereilak agerian jarri ditu mankomunitateko kide batzuen desadostasunak, batez ere ez militarizazioaren kontzepzioaren aurrean. Batzuk ez militarizazioa zentzu zabalean ulertzen dute, hots, biolentzia ororen aurka azaltzen dira, EAko abokatua den Jose Luis Soldevillak dioenez, eta beste batzuk antimilitarismoak Euskal Herriko egoera politikoarekin zerikusirik ez duela eta auziok ez direla nahastu behar diote, Kakitzateko abokatu den Alvaro Marcetek esaten digunez. "Bide horretatik hasten bagara, ez gara aterako", dio Altuna Lehendakari ohiak. Izan ere, bere esanetan, EUDIMAko fundatzaile guztiek jakin badakite "zein helbururekin egin ziren Estatutuak eta zer esan nahi zuten, eta zer ez zuten esan nahi". Urtero-urtero egiten ari ziren hori bera egiten ari dira; hau da, Espainiako Armadarekin ez kolaboratzearen erabakieri ekiten jarraitzen dute orain ere, baina kasu honetan indarrak metatuz eta ahots bakarrarekin.

Kereilaren aurrean juridikoki erantzun bateratua ematea nahi da, eta ahalegin horretan dihardute alde guztietako abokatuak. Udalen aurkako sententzia batek erantzun bateratua behar duela diote. Dena dela, kereilak aurrera begira egin beharrekoa baldintza dezakeela dio Joseba Villarrealek. Izan ere kontrako sententzia batek puri-purian jarriko bailuke 2003. urtean eztabaida-gai ere izango ez den auzia, hots, insumisioaren zigortzea eta kartzeleratzea Espainiako Armada profesionala eta beraz borondatezkoa izango denean.

 

 

 

Kereila: bururik ez hankarik gabea (errekuadro 1)

 

 

"Ez dirudi probokazio horri -Udal intsumituena- erantzuteko modurik bizkorrena laister delitua izango ez den zerbaitengatik eta legea bortxatuz zinegotziak espetxeratzea denik", zioen Madrilgo egunkari baten editorialak abenduaren 17an, Navajas fiskalaren kereilaren berri izan bezain laister. Logika aldetik zentzurik ez badu ere juridikoki ere, akatsez eta hutsunez beteta egoteaz gain- bururik ez hankarik ez duela esan digute kontsultatu ditugun bi abokatuk. Besteak beste, Navajasek dioenez EUDIMAren Estatutuak 1997. urteko otsailaren 26ean sinatu ziren Beasainen, inorrek jakin gabe nondik atera dituen errealitatearekin zerikusirik ez duten datu horiek. Horietxek izan daitezke Jose Luis Soldevilla abokatuak deitzen dituen "hutsune faktikoak", Etxarriko herriaren presentziarekin batera, Etxarri EUDIMAn ez dagoenean. "Hutsune faktiko" horiek "ondorio juridiko nabarmenak" izan ditzakete Soldevillaren ustez. Alvaro Marcetentzat, aldiz, Navajasen kereilak ez du "inolako zentzurik".

Oiartzungo Xabier Landaren ustez, "Estatuari min egin dio EUDIMAren sorrerak" eta horregatik jarri du martxan erakunde honen aurkako prozesu judiziala. Hots, herri bakoitzak bere kabuz erabakiak hartzen zituenean administrazioarekiko auzi-prozesuak ezartzen zitzaizkien, baina denak bat eginik ahots berberarekin abiatu direnean prozesu penlak ireki dituzte beraien aurka.

Navajasek Kode Penalaren 515.1 artikuluaz baliatzen da bere kereila aurkezteko, ustezko logika baten pean: intsumisioa legez kanpokoa denez, intsumisioari babesa emateko eta sustatzeko sortzen den erakundea ere legez kanpokoa izan behar du. Harek, beraz, legez kanpoko erakundetzat hartzen du EUDIMA, aktibitate deliktiboak sustatzeko erakundea dela, hain zuzen ere. Artikulo horren arabera "delituren bat sustatzeko helburu duten erakundeak edo, behin eratu eta gero, bere betekizuna sustatzen duten erakundeak" legez kanpokoak dira. Kereilak aurrera eginez gero eta sententzia egonez gero hauek izan daitezke EUDIMAko kideen aurkako zigorrak: sortzaileentzat, 2 eta 4 urte bitarteko kartzela zigorra, 12 eta 24 hilabete bitarteko isuna eta 6 eta 12 urteko gaitasungabetzea. Bestalde, kide aktiboentzat urtebete eta 3 urteko kartzela zigorra eta 12 eta 24 hilabete bitarteko isuna jasan dezakete.

1987. urtetik hona, ordea, kolore guztietako sententziak gertatu dira epaitegiaren arabera. "Delitu" berberaren aurrean, epaitegi batzutan absolbitu egin dituzten bezala beste batzutan zigortu egin dituzte, gaitasungabetze zigorrekin.

Jose Antonio Altuna lehendakari ohiaren esanetan EUDIMAren helburua ez zen legez kanpoko erakunde bat sortzea -"ez gaude horretarako"-, baizik eta herri desberdinetan jadanik hartzen ari ziren jokabideak bildu eta bateratu ahots batean, elkarren arteko koordinazioa sutatuz.

Soldevilla abokatuak Cardenal Espainiako Fiskal Nagusiaren itzala ikusten du "motibazio politikoak" lituzkeen Navajasen kereilan. Haren ustez, "ez dakit bera izan den edo ez agindua eman duena baina berak babestutako kereila da".

EAko abokatu honen ustez, Cardenal jaunak "bakearen kulturaren aldeko jokabide ideologikoak estigmatizatu eta estekatu nahi ditu".

 

 

Alvaro Marcet, Kakitzat-eko abokatua:

 

"Intsumisioaren auzian protagonismoa intsumituena izan behar da eta ez alderdiena" (errekuadro 2)

 

(errekuadro honek Marceten argazkiren bat beharko luke)

 

"Alkateek ez dute protagonismo politikorik izan behar intsumisioaren auzian, protagonismoa elkarte antimilitarrari dagokio", diosku Alvaro Marcet Kakitzat-eko abokatuak berarekin izandako elkarrizketan. Bere ustez, oso arriskutsua litzateke mezu politikoa antimilitarismoaren auziarekin nahastea, izan ere "urteetan eginiko lana pikutara joan baitaiteke". Bere esanetan, "intsumisioa ezin da politizatu" eta neurri honetan defendatzen du talde antimilitaristak ez direla inoiz talde politiko inoren eskutik joan, beti beraien kabuz joan direla, kutsu politiko guztia beraiengandik aldendu nahiean.

Marcet abokatuak "politika" hitza ahalik eta urrunen ikusi nahi du antimilitarismo eta intsumisioaren eremutik, horrek inolako mesede onik ezin baitio egin berak urteetan defendatu duen munduari. Horregatik susmo arraroa ematen dio orain alderdi desberdinen artean ez militarizazioaren kontzepzioaren inguruan sor daitezkeen eztabaidek intsumisioan izan dezaketen eragin zuzenaz, izan ere alderdi bakoitzak bere ñabardurak azpimarratzen hasiz gero erabat kutsa dezakeelako beraien arloa eta hainbat urtetan aurrera eramandako ekimena bertan behera gera daitekeelako, politikak "ukitzen" duen gauza askorekin gertatzen den moduan.

"Inoiz ez dugu biolentziaren gaia jorratu, ez du zerikusirik gurekin", dio bere burua "apolitikotzat" hartzen duen abokatu honek.

Berak oso modu baikorrean hartzen du EUDIMAk intsumisioaren alde egin dituen urratsak eta bera da Navajasen kereila ikuspegi juridikotik aztertzen ari den abokatuetariko bat alderdi politiko desberdinetako beste abokatuekin batera. Berak dionez, eta zentzu onean ulertuz, antimilitaristek udaletaz baliatzen dira, herritarren ordezkaritza diren moduan, "baina guk gara arlo honetan iniziatiba hartu behar dugunok eta ez udaletako ordezkari politikoak". Udalen babesa eta euskarria beharrezkoa bezain ezinbestekotzat jotzen du Marcetek, baina udal ordezkariak bere zeregina zein den ahantz ez dezaten nahiko luke, besteen zeregina inbaditu gabe; eta intsumituen elkartearen erizpideak jarraitu beharko lituzketela pentsatzen du, eta ez alderantziz. Jakina da intsumisioaren auzia alderdi politiko askorentzat hauteskundeei begira boto iturri emankorra dela eta berez auziaren politizazioa alderdi politiko desberdinen desadostasunean sakonduz intsumisioarentzat arrisku handia suposatuko liezaiokeela azpimarratzen digu Marcet abokatuak.